XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

San Migel jaiak

Ekitaldi ugari asteburuan Angiozarko jaietan

San Migelen omenezko jaiak ospatuko dira astebukaera honetan Angiozarren.

Bertako jai batzordeak programa erakargarria osatu du aurten ere.

Bihar zapatua, 12:00etan, kanpai jotze eta etxafleroen jaurtiketarekin emango zaie hasiera jaiei.

Arratsaldean, 15:30etan plater tiraketa lehiaketa egingo da kanposantuaren ondoan.

Iazko edizioan 20 bat partaide izan ziren eta aurten ere onenentzat sari bikainak egongo dira.

Jarraian, 18:30etan, mus txapelketa jokatuko da Pagomendi elkartean.

Izen-ematea ordu erdi lehenago egin beharko da elkartean bertan.

Gauean, berriz, sardina jana iragarri da Plazan 21:30etarako eta gaueko 23:30etatik aurrera dantzaldia izango da La Parranda taldearekin.

La Parrandak bere ohizko mexikanadak eskeiniko ditu zapatuan.

Talde bergararrak hainbat emanaldi egin ditu aurtengo udan plazarik plaza Euskal Herrian zehar.

Egunari bukaera emateko, goizaldeko 04:30etan ohizko txokolatada banatuko da Pagomendi elkartean.

Domekan, berriz, goizeko 11:00etan Meza Nagusia izango da San Migel parrokian eta ondoren, 12:00etan, Udal Musika Bandak kontzertua emango du parrokian bertan.

Auzoetan urtean behin bandak ematen duen kontzertuan Angiozarri tokatzen zitzaion aurten.

Alfredo Gonzalez Chirlaqueren zuzendaritzapean, bandak, besteak beste, J.V. der Roost, Mendelssohn, Hadermann eta Jose Franco konpositoreen piezak joko ditu.

Arratsaldean, 16:30etatik aurrera, herri kiroletako probak jokatuko dira eta egun guztian zehar trikitilariak arituko dira Angiozarreko txoko guztiak alaitzen.

Bukatzeko, astelehenean, San Migel egunean, eguerdiko 12:00etan meza izango da eta jarraian jubilatuen abesbatzaren emanaldia.

Ondoren luntxa emango da eta arratsaldean, 17:00etatik aurrera, umeentzako jolasak eta txokolatada.

Azkenik, 21:00etan, ohizko San Migelen zeruratzea egingo da, jaiei amaiera emanez.

The Dictators talde iparamerikarrak kontzertua emango du gaur Bergarako Jam aretoan.

Euren azken single-ean Nork salbatuko du rock ampamp; rolla? galdera planteatzen dute eta dudarik ez dago rockero historiko hauek prest ditugula lan horretan murgiltzeko.

1970eko hamarkadan sortutako talde honek disko bikainak kaleratu ditu (Go girl crazy, Manifest destiny, Bloodbrothers) eta zuzeneko emanaldietan oraindik ere energiaz beterik azaltzen zaizkigu.

Hirugarren urtez jarraian jira bat egingo dute Estatuan zehar eta gaur Bergaran joko dute, Bonzos taldearen laguntzarekin.

Kontzertua 22:30etan hasiko da eta sarrerak 1.300 eta 1.500 pezetan (takilan) jarriko dira salgai.

Bestalde, bihar zapatua, 22:00etatik aurrera Bad-F-Line eta Foscal taldeekin kontzertua egongo da Jam aretoan bertan.

Sarrera debaldekoa izango da bihar.